Article

2026ko urtarrilaren 6eko bigarren bilkura publikoa

Zailena dudarik gabeetxetik atera eta gure gana hurbiltzea izan da… Aro txarra izanik ere, bilkura mantentzea erabaki dugu. Eta 25 bat lagun elkartu gira iritziak trukatu eta errege biskotx eta txokolate beroa partekatzeko. Milesker !

DONIBANE ERNE! idatzia

Ekonomia, turismoa, elkarte bizia, kultura… Urtarrilaren 6an antolatu dugun bigarren bilkura publikoaren gaiak anitzak izan dira. Abiapuntua sinplea zen : Donibane Garazi (arra)pizten, mintza giten !


Donibane Garazi, bi sasoin, bi giro. Hau izan da kalakaldiaren abiatzeko hautatua izan den tematika. Nola egin proposatua den animazio eskaintza ez dadin hainbeste udako sasoinari eta turistei bideratua izan ? Indar guztiak turismoari emaiten dira, eta biztanleen beharrak bazterrean utziak dira, hala nola urte osoan zehar kultur animazio eskaintza baten ukaiteko posibilitatea.


Tokiko eragile desberdinek antolatutako ekitaldiei dagokienez – eta badira – komunikazio arloan eskas bat eta ikusgarritasun falta azpimarratuak izan dira, horien ospea oztopatzen dutenak.Horren adibide da, besteak beste, SPK Elkarteak irailean antolatzen duen Argazki festibala…


Lan ildo horri lehentasuna emaiten ahal genioke, inprimatzeko tresnak partekatuz eta hiriko auzo ezberdinetan iragarki guneak biderkatuz. Elkarrekin egite horrek 2020ko programako ardatz batekin bat egiten du, Elkarteen etxe baten sorrera aipatzen baitzuen.


Aipatuak izan dira ere instituzionalizatuak diren zenbait une nagusi, hala nola urte guziez agorrila bukaeran iragaiten den Citadelle en scène festibala. Azken honek tokiko konpainiekin zubiak eraiki beharko lituzke, euskararen presentzia bermatu, eta Zitadelatik haratago joan, jaialdia hiriko beste leku batzuetan ere biziarazteko. Duela bi urte antolatutako off-a biziki preziatua izan zen, eta herriko hainbat tokitan urririk zen programazio bat eskaintzeko aukera eman zuen.

Alta, bilakaera horri buruz gogoetatu aitzin, parte-hartzaile guztientzat garrantzitsua da festibalaren defizit ekonomikoari buruzko egoera argitzea, 25.000 euro ingurukoa baita.

Kezka hori ez da, gainera, ekimen horretara mugatzen, gaur egungo herriko etxeko ekipak kudeatzen dituen beste postu ezberdinetako aurrekontuak ere arrenguragarriak baitira.


Donibaneko bizitzako beste une garrantzitsu bat dira herriko bestak, agorrila erditsutan.

Parte-hartzaileek besta komiteko gazteek egindako lanaren indarra azpimarratu dute. Talde sendo bat berreraiki da, antolaketan askatasun gehiago eta agian baliabide ekonomiko handiagoak mereziko lituzkeena. Hala ere, nola egin Donibaneko herritar bakoitzak bere lekua aurki dezan programazio mailan? Nola bultzatu tokiko eragile guziak gehiago inplikatzera ? Nola ber-dinamizatu garai batean igandez antolatzen zen elkarteen eguna ? Ze laguntza edo akonpañamendu bultzatu alkohola edo drogen kontsumoaren prebentzioari buruz, edozein motako erasoen gaiaren inguruan ? Hor ere, aitzinetik antolatutako trukaketa une ireki batzuek parte-hartze hobea ahalbidetuko lukete…


Ihauteri garaia heldu zaigu… Santibate, Libertimendua, desfilea… urtero igurikatzen ditugun gertakariak dira, herritarren engaiamenduan oinarrituak. Hortaz, neguko besta handientzat lokal baten beharra mahai gainean emana izan da. Egia da Jai Alaiak eta merkatuko estaliko parte hetsiak ekitaldi batzuk errezebitzen dituztela, baina baldintzak ez dira egokiak, eta azpiegitura mailan egiazko eskasa badela azpimarratu da.


Azkenik, eguneroko biziari dagokionez, parte-hartzaile batzuek penagarri atzemaiten dute Donibanen trago baten hartzea edo jatea hain zaila izatea (asteko heste egunak adostu gabe, udako sasoinean erreserbatzea behartua izatea…), eta beste batzuk Espainiako karrikako komertzioen izaeraz kezkatuak agertu dira (beharrezkoa den janari-dendaren mantentzea, lurraldearekin eta tokiko jakintzekin loturarik ez duten produktu turistikoen salmenta…). Alokairu-laguntzen bidez dendak instalatzeko aterabideak xekatu badira ere, hori ez da aski haien iraunkortasuna bermatzeko.


Herriko bizitasuna jokoan da maila ainitzetan. Ideia ez da dena berriz asmatzea baizik eta elkarrekin etorkizuna eraikitzeko baliabideak ematea. Beraz, ez dudatu, zatozte, gurekin bat egin…