Edito

Francis Chevalier-ren lekukotasuna

DONIBANE ERNE! idatzia


Francis Chevalier naiz, mediku orokor erretiratua.

Bordelen sortua naiz eta duela 50 urte etorri nintzen Donibane Garazira euskal ezteietan parte hartzera. Han ezagutu nuen Martine Garicoix, eta nola ez, harekin ezkondu nintzen.

Nik ez dut euskara emaiten, baina nire alabek eta nire bilobek bai, eta hortaz biziki harro naiz.

5 urtez mediku orokor gisa lan egiteko plazerra izan dut Donapaleun, eta ezagutu dut garai bat non dena Donibane Garazin egiten baitzen: sortzeak, ebakuntza kirurgikoak, ekintza espezializatuak…


Ez zait sobera gustatzen iraganaz mintzatzea, baina nere burua galdezkatzen dut : zergatik orain dena Donapaleun egiten da? Larrialdiak, erradiografiak, scanner eta IRM-ak, ebakuntzak…


Gaur arratsean bilkura goxo honetatik ateratzean orkatila bihurtzen badut, Donapaleuko larrialdietara joan beharko nuke!

Alta, Donibane Garazi ez da mediku basamortu bat. Arlo guzietan bada jende engaiatua, trebea eta esperientziaduna.

Errexa ditaike kontseiluaz kanpoko batzorde batean osagarri arloko eragile guziak biltzea:

mediku orokorrak, espezialistak, paramedikoak, erizainak, kineak, biologoak, farmazilariak, anbulantziariak, suhiltzaile boluntarioak, gizarte-langileak, zaintzaileak, laguntzaileak… eta erabiltzaileak ere… haien arazoak eta nahiak entzuteko… eta elgarrekin kalitatezko artatze baterako norabidea hobetzeko.

Plazer handiz onartu dut Donibane Erne taldean parte hartzea, nire lagunek aurkeztu dizueten programa guziarekin bat egiten baitut.


  • 1- Auzapezak Donibane Garazin bizi behar du. Hori da egunerokoan herritarren ondoan izaiteko manera bakarra, haien kezkak eta nahiak entzun eta elgarrekin aipatzeko.
  • 2- Auzapezak ez du bakarrik erabaki behar, ez eta talde ttipi batean ere ez. Arduren eta lanen partekatzea ezarri behar du plantan, oposizioa baztertu gabe. Donibane Ernek herriko kontseiluaz kanpoko batzordeak sortu nahi ditu, auzoetako ordezkariekin, gazteekin, zaharrekin, kirol eta kultura elkarteekin…
  • 3- Donibane Ernek forma eta edukina aldatu nahi ditu. Gaurko herriko kontseiluko gehiengoko taldeak euskara hauteskundeetako liburuxkan bakarrik erabiltzen duen bitartean, guk euskara gure eguneroko kezkaren erdigunean ezarri nahi dugu. Badena zaindu eta hobetu nahi dugu ere bai.
  • 4- Donibane Ernek lan egiteko manera aldatu nahi du. Gaur arratseko hizlariei esker ulertu duzue Donibane Garaziren geroa ez dela herrira bakarrik mugatzen, baizik eta hertsiki lotua dela Garazi-Baigorri poloaren garapenari. Arrakasta eder baten adibidea badugu hemen : Nafarroa errugbi taldea, Garazi eta Baigorriren bateratzearen ondorioz sortua.

Adostasun osoz erantzukizunak Xabi eta Maitenaren artean partekatzea erabaki dugu; Maitena izanen da poloan eta hirigune elkargoan gure ordezkaria.

Nor bere aldetik ibiltzeko garaia bukatua da!

Mahai inguruak lehenetsi beharko dira kantonamenduko auzapez guziekin, hainbat gai aztertzeko:

  • desbideratzea eta bide segurtasuna (departamenduak gaurko desadostasuna baliatzen du barnealdeko Euskal Herrian dirurik ez gastatzeko)
  • komertzioak
  • laborantza, abeltzaintza eta baratzezaintza
  • etxebizitza sozialak
  • kirol instalazioak
  • trenbidea…

Elgarrekin, hainbat urterako proiektu amankomunak programatu beharko dira.

Proposamen indar bat izanen gara, ondoko adibideentzat:

  • larrialdi, prebentzio eta heziketarako osasun polo bat
  • oinezko eta bizikleten pasabide bat
  • enpresa mintegi bat
  • denen etxe bat
  • etxalde pedagogiko bat…

Bukatzeko, Donibane Ernek aldaketa oso bat proposatzen du:

  • terrenoan presentzia handiagoa, entzute hobe batendako
  • elkarrizketa, erabakiak kolektiboki hartzeko
  • Garazi-Baigorri poloaren proiektuendako. Xabi eta Maitenaren arteko lanen partekatzea

Milesker zuen arretagatik.


Donibane Garazi Euskal Herri barnealdeko herririk ederrenetarik bat da; bere ondarea paregabea da. Alta, Donibane gaizki doa: biztanle kopurua apalduz doa, etxeak husten dira, dendak hesten dira, eta zirkulazioa gero eta txarragoa da…