Article

Ibilmoldea: beste molde batez egin

Heldu diren sei urteendako, nahi genuke herriko etxeak beste molde batez funtziona dezan. Herritarrek, zuzenki hunkitzen dituzten erabakietan parte hartzeko parada ukan behar lukete, eta ez bakarrik beren ordezkariak hautatzeko.

DONIBANE ERNE! idatzia

Demokrazia ordezkatzailea

Orain arte, eta herri askotan bezala, ohiko funtzionamenduan herriko kontseilua sufragio unibertsalaz hautatua izan da, eta hark erabakitzen du herriari eta herritarrei dagozkien gai guziei buruz. 

Praktikan, ainitzetan auzapezak, bere axuantekin bildu ondotik, eztabaidatzeko edo baieztatzeko prest diren proiektuak herriko kontseiluari aurkezten dizkio.Kasurik hoberenean, gehiengoko taldeko kontseilariak lehenago kontsultatuak izan dira. Gutiengoko taldeko hautetsiak, aldiz, guttitan inplikatuak dira, eta gehienetan deliberatzeko momentuan bakarrik deituak.


Herritarrei dagokienez, entzunak izateko, beren eskaerak idatziz helarazten dituzte edo auzapezarekin hitzordua galdegiten dute, batzuetan inolako erantzunik gabe.

Kasurik hoberenean, paraleloki, proiektu baten inguruko herritarren kontsulta bat proposatua izaten da.

Demokrazia parte-hartzailea

Horizontalitate eta ekitate gehiagori buruz joan nahi genuke, bakoitzak ekarpenak egiteko, erabakitzeko eta ardurak hartzeko parada ukan dezan.

Hona hemen adibide bat.

Herriko kontseiluaren eta beste espazioen arteko saretzea proposatzen dugu. idekiagoa, herritarrak gehiago errespetatu, eta gutiengoko hautetsiak ere kontuan hartzen dituena.


Usaian hautetsieri zuzenduak diren lan batzorde batzuk biztanleei idekiko zaizkie. 


Herritar guziei proposatuak izanen diren auzo komiteak sustatuko ditugu.

Gure xedea egitura horiek denei idekitzea da, inolako diskriminaziorik gabe: nazionalitatea, generoa, azal kolorea, adina edo beste.

Auzo komite horiek proposamenak bideratuko dituzte, eta elkarrekin finkatuko ditugun modalitateen arabera, erabakietan aktiboki parte hartuko dute. 


Ibilmolde hori bideratu nahi dugu ere Gazteen kontseiluan, Adinekoen kontseiluan, elkarteekin, eragile ekonomikoek proposatzen dituzten beste egiturekin eta herriko langileekin. 


Ibilmolde honek herriko instituzioa ez duela ordezkatzen uste dugu, baina bai sustengatzen eta zabaltzen duela.


Nahi genuke hauteskunde horiek ez daitezen soilik zerrenda buruaren inguruan itzulika.

Bat izanen da, bai eta bere axuantak, baina politikari eta herriko proiektueri loturiko ardura, instituzioak dion bezala, herriko kontseiluak ukanen du, erabakien hartzeko gaineratiko batzordeekin sareturik. 


Gure xedea demokrazia zuzenago bati buruz joatea da, kezka eta erronka nagusia biztanleak zaindu kolektiboaz arduratu bai eta diskriminazio mota oro desagertaraztea delarik. Badakigu bidea ez dela beti erraza izanen, eta denbora beharko dela, baina 6 urte ukanen ditugu bide hori zuekin eraikitzeko.